HANDITZEN – psikologia eta hezkuntza
Zuhaitzen isla uretan
Gure ikuspegia aldatzean, ikusten dugun hori ere aldatu egiten da.
Wayne Dyer

Bloga

Adimen gaitasun handiko ikasleak begirada sistemikotik

2025-10-06an Guraso.eus webgunerako idatzitako artikulua.

Pasa den udan, anekdota polit hau irakurri nion Linda Silverman-i: Betty Meckstroth, Guiding the Gifted Child (Webb, Meckstroth eta Tolan, 1982) liburu ospetsuaren egiletariko bat, gaitasun handiko ikasleen gela bat bisitatzen zebilela, ikasle batek adimen gaitasun handia nondik zetorren galdetu omen zuen. Aditua, herentzia eta ingurunearen azalpen luze eta sakon bat ematen hasi omen zen, baina ikasleak, bere ustez, gurasoek gaitasun handia beren seme-alabengandik jasotzen dutela esanez moztu omen zion. Izan ere, lehenengo, bera ebaluatu omen zuten. Gero, arreba. Eta, azkenik, seme-alabak gaitasun handikoak zirela ikustean, beraiek ere izango zirela pentsatu omen zuten.

Maiz ikusten dira horrelako kasuak; haurren adimen gaitasun handia ezagutzean, gurasoak berenaz jabetzea. Eta Meckstroth eskola hartan hasi zen bezala, luze mintza gintezke herentzia eta ingurunearen eraginaz, baina gaurkoan, esku-hartzeaz arituko gara, horixe baita identifikazioaren xedea. Hala ere, gurasoren bat bere kasuaz zalantzan balego, lagungarri gerta liteke ebaluatzea, edo helduentzako galdetegiren bat begiratzea (adibidez, Giftedness in Adults Rating Scale, Silverman, 2005). Norberaren burua ezagutzea eta onartzea eta norbera den bezalakoa izatea oso garrantzitsua bait da zoriontsu izateko, eta, baita, seme-alabei laguntzeko.

Herentziari inguruneak laguntzen dionean, haur bakoitzaren loratzea dator. Ingurune horretan, irakasleak, lagunak eta beste hainbat pertsona eta zerbitzu izaten da; baina familia da haurraren lehen mikrosistema (Bronfenbrenner, 1979).

Beraz, esku-hartzerakoan, oso lagungarri gertatu ohi da begirada sistemikoa, eta, azken urteetan, geroz eta gehiago aipatzen dira gaitasun handien eredu sistemikoak, lehendik dauden ereduen osagarri gisa. Horietako bat, aktiotope-eredua da (Ziegler, 2005). Eredu horretan, gizabanakoa ikuspegi holistiko batetatik ulertzen da, eta analisi-unitate gisa pertsonaren eta ingurunearen arteko erlazioa hartzen da (actiotope). Eredu hau Csikszentmihalyi-ren (1998) proposamenetik dator, zeinak bikaintasuna (edo gaitasun handia) pertsonak eta haren inguruneak osatutako sisteman kokatzen duen, eta ez pertsonarengan soilik. Proposamen honek, oraindik sostengu enpirikorik ez badu ere, gaitasun handiaren ikuspegia zabaltzen du, eta oso interesgarria da ikasle hauen hezkuntzarako (Ziegler eta Stoeger, 2017).

Askotan entzun bezala, badakigu, esku-hartzerakoan, haurrari bere “osotasunean” begiratzea komeni dela. Labur-labur esanda, bere hiru arlo nagusiak zainduz: emozionala, soziala eta akademikoa. Lagungarri da baita gure hezkuntza sisteman gaindotatua, goiztiarra eta talentua (sinplea edo konplexua) bereizten direla (ikus Adimen gaitasun handiko ikasleei hezkuntza-arreta emateko plana 2019-2022) eta profil ezberdinetako gaitasun handiko ikasleak daudela jakitea (Betts eta Neihart, 1988; 2010):

  1. arrakastatsuak edo errendimendu onekoak;
  2. sormen handikoak edo dibergenteak;
  3. underground edo isilean pasatzen direnak;
  4. errendimendu baxuagatik arriskuan daudenak;
  5. bi edo etiketa gehiago dituztenak;
  6. ikasle autonomoak; eta
  7. beste kultura batetatik datozenak (azken talde hau beranduago gehitua).

Profil bakoitzak bere sentimenduak, jarrerak, portaerak eta beharrak ditu, eta, horien arabera, era batera edo bestera esku-hartzea gomendatzen da, bai etxean eta baita ikastetxean ere.

Baina, begirada gehiago zabalduko bagenu, noraino helduko litzateke haurraren “osotasuna”?

Bikaintasuna (edo gaitasun handia) pertsonak eta haren inguruneak osatutako sisteman kokatzen badugu, begirada asko aldatzen da; “osotasuna” beste bat da, eta, ondorioz, esku-hartze unitatea ere bai. Hau da, agian haurrarengan soilik esku-hartu beharrean, bere inguruko eragileengan ere esku-hartu daiteke, eta sistema bateko elementuek elkar eragiten dutenez, baten aldaketak, bestearena dakar.

Gauzak horrela, eskoletan gaitasun handiko ikasleei egiten zaizkien Jarduera Plan Pertsonalizatuak (JPP) asko aldatuko lirateke, haurrarengan zentratu beharrean, bere irakasle, ikaskide eta gurasoak ere kontutan hartuz. Interesgarria, puntu honetan, Aitziber Ayestaren Habiatik hegan. Bizi maitasuna hezkuntzan liburua aipatzea, hezkuntza komunitateari, begirada sistemikotik eskainia.

Eta liburuak aipatzen hasita, ezin Bert Hellinger-en Mirar al alma de los niños aipatu gabe utzi, belaunaldiz belaunaldiko dinamikek eskola-bizitzan, hezkuntza-garapenean eta haurtzarotik helduarorako prozesuan nola eragiten duten kontatzen duena; haurraren “osotasuna” are gehiago zabaltzen digularik.

Izan ere, zer gertatzen zaio ustez eskolan dena ondo egonda ere, eskolara joan ezinean dagoen haurrari? Zer gertatzen zaio ingurua lasai egonda ere lorik egin ezin duenari? Zergatik batzuk behin eta berriz baztertuak dira? Zergatik beste batzuk izugarrizko amorrua erakusten dute gertakari txikien aurrean ere? Zergatik daude batzuk beren burua saboteatzen dutenak? Zergatik beste batzuk neurriz kanpoko perfektutasuna eta kontrola behar dutenak? Zergatik dituzte batzuk hain beldur handiak? Zergatik gaitasuna izan eta ez da bere onena ematen saiatzen? Zergatik hain eztanda bortitzak? …

“Zergatik” asko agertzen da gaitasun handiko haur baten hezkuntzan. Eta, etiketa bat badenez (adimen gaitasun handia), horri lotutako ezaugarriei egozten zaie gehienetan arrazoia: oso sentibera da, intentsitate handikoa, justiziaren sen handia du, oso perfekzionista da, inguruan jazotzen denaz oso adi egon ohi da beti, buruari buelta asko emateko joera du, aspertu egiten da eskolan, … Egia da ezaugarri horiek hor egon daitezkeela, baina askotan, horiei bakarrik erreparatuta, toki berean gelditzen gara, egoerak ezin hobetuta, eta hori gutxi balitz, denborak aurrera egin ahala, okerrera goazenaren sentsazioaz.

Horrelakoetan, haurra zeri begiratzen dabilen edo bere jarrerarekin zer erakutsi nahi digun ikustea lagungarri gertatu liteke. Hellinger-ek dioen eran, bide berriak aurkitzeko, agerikoa baino haratago begiratu behar da. Gure seme-alaba eta ikasleen egoeren hobekuntza guraso eta inguruko helduon lanketek ekar dezakete.

Bibliografia


Adimen gaitasun handia eta “dislexia ezkutua”

2024-01-29an Guraso.eus webgunerako idatzitako artikulua.

Ez naiz logopeda; ez eta psikologo klinikoa ere, baina kontsultan askotan agertzen zaidan gai bat ekarri nahi dut gaurkoan: adimen gaitasun handia eta “dislexia ezkutua”.

Dislexia, modu sinplean esanda, irakurtzen ikasteko zailtasuna da, adimen koziente normal bat eta zailtasun horiek azaltzen dituen arazo fisiko edo psikologikorik ez duen haur batetan ager daitekeena (Oltra, 2019). Baina, zer gertatzen da haur horren adimen kozientea normala baino altuagoa denean?

Markel (aldatutako izena) hamabi urte zituela etorri zen lehen aldiz kontsultara, bere gurasoek lagunduta. Oso mutil argia eta bizia zirudien, baina gurasoen hitzetan, eskolako zereginekin, “ganora gutxikoa”. Honela kontatzen zuten: “txiki txikitatik atentzioa deitu du bere hitz egiteko moduagatik. Oso hiztegi aberatsa eta hizkuntza aurreratua izan du beti eta bost urte zituela egin zitzaion ebaluazio psikopedagogikoan adimen gaitasun handia duela ikusi zen. Hala ere, ikasketetarako sekula ez du grina berezirik erakutsi; tira, eskolako ikasketetarako. Berak nahi dituen gauzak, era batera edo bestera, berehala ikasten ditu. Lehen Hezkuntza emaitza nahiko onekin gainditu zuen, nahiz eta ez zuen lan handirik egiten, baina Bigarren Hezkuntzan geroz eta okerrago dabil (pasa den hiruhilekoan bi gutxiegi atera zituen). Tutoreak dio gelan oso ekarpen interesgarriak egiten dituela debate eta ahozko saioetan, baina lanak egiterakoan despistatu egiten dela, batzuetan ez dituela eginbeharrak amaitzen eta akats tonto asko burutzen dituela. Urteak daramazkigu lan gehiago egin behar duela esaten, arreta gehiago jarri behar duela eskolan, … baina alferrik da. Jada ez dakigu zer egin …”.

Ea irakurtzerakoan zailtasunik duen galdetu nionean, Markelek ez dakiela erantzun zidan. Gurasoek aldiz, ezetz, edo ez zutela uste. Txikitan hizki batzuk konfunditzen zituela eta hitz batzuk asmatu, baina orain asko irakurtzen duela eta eskolan ere bere irakurketa-maila ona dela esan dietela irakasleek beti, Lehen Hezkuntzan batez ere. Ez ona bakarrik; gelakide gehienena baino hobea ere bai. Beraz, badirudi ez dela dislexiarik, baina horixe da gaitasun handiko ikasleei irakurketa-zailtasunak ez antzemateko arrazoitariko bat: beren gelakideen irakurketa-mailarekin alderatzea. Izan ere, posible da gaitasun handiko ikasle batek dislexia izatea, baina bere adinkideekin alderatuta, bere irakurketa-maila normaltasunaren barnean egotea (edo baita hobea izatea ere). Hizkuntza-trebetasun aurreratuei esker, dislexian irakurketa-arazoak eragiten dituzten maila baxuko entzumen- eta ikusmen-prozesamendu defizitak konpentsatzeko gai dira.

Brock Eide eta Fernette Eide doktoreak maiz aurkitzen ziren horrelako ikasleekin eta 2005ean “dislexia ezkutua” terminoa sortu zuten. Dislexia, irakurtzeko zailtasunaz gain, esku-idazkeraz, ahozko hizkuntzaz, matematikarekin, plangintza eta koordinazio motorrarekin, antolaketarekin, arretarekin, orientazioarekin, pertzepzio espazialarekin, entzumen eta ikusmen prozesamenduarekin, begien mugimenduaren kontrolarekin, memoriarekin, … lotuta egon daiteke eta, “dislexia ezkutua” zuten gaitasun handiko ikasleei, besteak beste, ezaugarri hauek antzeman zizkien:

  • Zailtasunak testuak prozesatzerakoan eta idazterakoan.
  • Proba neurologiko eta neuropsikologikoetan dislexiaren ezaugarri diren entzumen, ikusmen, hizkuntza eta prozesamendu motorreko gabeziekin bat datozen aurkikuntzak.
  • Beraien adinkideen pareko irakurketa-trebetasuna edo hobea, isilean irakurritakoaren ulermenean behintzat.
  • Gehienetan hizkuntzari lotutako gaitasun aurreratuak izaten dituzte, baina alde handia egon ohi da ahozko eta idatzizko lanen artean. Oso ondo moldatzen dira ahoz azaldu behar dutenean, baina gehiago kostatzen zaie hori bera idatziz adierazterakoan. Disgrafia (idazteko zailtasuna) eta disortografia (ortografia zailtasuna) izan ditzakete, eta baita koordinazio-motor egokiak egiteko zailtasunak ere (adibidez, kopiaketetan).
  • Irakurketari dagokionean, ikasle hauek askoz hobeto irakurtzen dute isilean altuan baino, eta orokorrean, hobeto ulertzen dituzte testu luzeak motzak baino. Hau da, posible da liburu bat irakurri eta ondo ulertzea (bere osotasunean), baina agian zailtasunak dituzte lauzpabost lerroko ariketa batetako azalpena irakurri eta ulertzerakoan. Izan ere, testu luze batetan, berdin dio hitz batzuk gaizki irakurtzeak, aurrera egin ahala, hariari jarraiki, behar diren zuzenketak egiten dituelako buruak. Testua laburra denean aldiz, tarte gutxiago dago aurrera egin ahala zuzenketak egiteko, eta gaizki ulertuz gero, erraza da “akats tontoak” egitea (matematikan, aukera anitzeko galderak erantzutean, …).

Luz Rellok dioen bezala, dislexia duten ikasleak ez dira ez alperrak eta ezta despistatuak ere, ahalik eta azkarren detektatu eta ikasketetan aurrera egiteko esku-hartze egoki bat behar dutenak baizik, beren burmuinak ezberdin funtzionatzen duelako.

Gaitasun handia eta dislexia elkartzen diren kasuetan ere detekzio goiztiarra oso garrantzitsua da, arazoak agertu aurretik, esku-hartzeko aukera ematen duelako. Gaian aditua den Yolanda Benitok azaltzen duen eran, garrantzitsua da ikasle hauei irakurketa-idazketan dituzten zailtasunetan laguntzea, baina baita beren adin mentala kontutan hartzea ere. Bietatik behar dute. Gainera, askok autokontzeptu eta autoestimu kaskarra izan ohi dute eta komenigarria izaten da beren arlo emozionala ere indartzea, nortzuk eta nolakoak diren ulertuz eta onartuz, beren buruarekin eta gainerako ikasleekin ahalik eta harremanik osasuntsuenak izan ditzaten.

Azkenik, esan, adin mentala edo heldutasuna aintzat hartzea detekzioan ere lagungarri gerta daitekeela.

Lorea (aldatutako izena) eta bere gurasoak, Loreak bederatzi urte zituela etorri ziren lehen aldiz kontsultara. Laugarren mailan zegoen, baina ez zuen bere gelakideekin bat egiten eta oso gaizki pasatzen zebilen. Baita gurasoak ere. Halako batetan, ea sekula gaitasun handikoa izan zitekeen pentsatu ote zuten galdetu nien gurasoei, eta honelaxe erantzun zuen aitak: “egia esan, Lorea, duen adinerako, oso heldua da; beti izan da. Batzuetan, uste dugu, lagunekin ere horregatik ez duela bat egiten. Bere erantzunek denok aho zabalik uzten gintuzten txikia zenean, baina gaitasun handikoa denik ez dugu uste. Eskolan dena gainditzen du, baina bere emaitzak ez dira apartekoak”. Geroxeago, irakurtzea ez zuela gogoko aipatu zuen alabak, eta idazten kostatu egiten zitzaiola, ingelesean batez ere. Dislexia eta gaitasun handien susmoa piztu, eta ebaluazio bat egitea izango zela onena pentsatu genuen. Bietan baiezkoa eman zuen.

Loreak, dislexiaz gain adimen gaitasun handia ere ezkutuan zuen. Batak bestea ezkutatzen zion.

Gaur, detekzioari eta esku-hartze egoki bati esker, 6. mailan dago, pozik, arlo akademikoan eta sozio-emozionalean ere aurrerapen handia egin duelarik.

Markel ere aurrera doa. Gurasoek eta irakasleek ez dute jada mutiko ganoragabeko eta despistatu bat ikusten; gaitasun handiak eta dislexia dituena baizik. Begirada aldaketa honek izugarri lagundu dio bere autokontzeptua eta autoestimua hobetzen, eta geroz eta “akats tonto” gutxiago egiten ditu.

Detekzio eta esku-hartze goiztiarrak beren etorkizuna erabat alda dezakete. Eskerrik asko!

Bibliografia