
Nitaz

Kaixo!
Amaia Agiriano Arrese naiz, HANDITZEN psikologia-kontsultaren sortzailea.
Une honetan, batez ere, adimen gaitasun handietan espezializatutako psikologo bezala dihardut lanean, baina neure burua nolabait definitu behar banu, Bizitzaren ikasle gisa definituko nuke. Ikasketa akademikoei inolako garrantzirik kendu gabe, Bizitza bera izan baitut benetako eskola.
2007an, gure alabak (eta geroxeago semeak) adimen gaitasun handia izan zezakeela esan zigutenean hasitako ibilbidearen emaitza da HANDITZEN psikologia-kontsulta; poliki-poliki, ustekabean, handitzen joan dena.
Hezkuntza sistemak, eta gizarteak, orokorrean, oraindik ulertzen eta onartzen ez zuen errealitate baten aurrean geundela sentitu genuen eta, baita, guraso bezala, zein erantzukizun handia genuen gure seme-alaben hezkuntzan.
Arkitektoa nintzen orduan lanbidez, baina beti pentsatu izan dut “arazoak” aurrera egiteko aukerak direla eta gaiari buruz ikasten hasi nintzen, gurasotasunetik pixka bat harantago: “Experto Universitario en Diagnóstico y Educación de los Alumnos con Alta Capacidad” (UNED, 2014), “Identificación y atención del alumnado con superdotación intelectual en Infantil y Primaria” (Centro Huerta del Rey eta Centro español para la ayuda del desarrollo del superdotado, 2014) eta irakasle izateko gaitzen duen masterra (VIU, 2015). Gerora, Aupatuz, Euskal Herriko adimen gaitasun handiko guraso elkartearen bitartez, formakuntzak ematen hasi nintzen hainbat ikastetxe eta herritan. Baita elkarteko familiei laguntzen, Guraso.eus webgunean idazten, gaitasun handiko neska-mutilekin tailer ezberdinak egiten (Aupatuz eta Renzulli Zentruan) eta guraso-eskolak ematen. Azken urteetan EHU-ko Arreta Goiztiarreko masterrean irakasle ere bai.
2021ean, psikologia gradua amaitu (VIU) eta HANDITZEN psikologia-kontsulta martxan jarri nuen, ibilbide honetan zehar ikasitakoa lagungarri gerta dakiokeen ororen zerbitzura jarriz.
Eskerrik asko, ibilbide honetan irakasle izan zaituztedan haur, guraso eta irakasle guztioi.
Elkarrekin, handitzen.