2021etik hona adimen gaitasun handiko haur, nerabe, gazte eta helduei beren ongizatea aurkitzen laguntzen.
Haien eta haien ingurukoen bidelagun.
Kaixo!
Amaia Agiriano Arrese naiz, psikologoa eta HANDITZEN psikologia-kontsultaren sortzailea.
2007an gure alaba (eta geroxeago semea) adimen-gaitasun handiko haurra izan zitekeela esan zigutenean hasitako ibilbidearen emaitza da HANDITZEN. Guraso gisa etxerako hasitakoa, poliki-poliki handitzen joan dena.
Hasierako urte haietan, hezkuntza-sistemak eta, oro har, gizarteak oraindik ulertzen eta onartzen ez zuen errealitate baten aurrean geundela sentitu genuen. Honek guztiak gure seme-alaben hezkuntzan erantzukizun handia ekarriko zuela jabetuta, gaiari buruz ikasten hasi nintzen.
Ohartzerako, arkitekturatik hezkuntzara eta psikologiara jauzi egin nuen. Hala, urteetan gaitasun handiekin lotutako testuinguru desberdinetan jardun ondoren, HANDITZEN psikologia-kontsulta irekitzea erabaki nuen, urte hauetan guztietan ikasitakoa behar duen ororen zerbitzura jarriz.
“
Adimen gaitasun handia ez da konpondu beharreko zerbait; ulertu, bere tokia eman eta bizitzeko modu bat baizik.
Eskerrik asko, ibilbide honetan zehar irakasle izan zaituztedan haur, heldu, guraso eta hezkuntzako zein psikologiako profesional guztiei. Ederra izan da zuekin ikasitakoa, eta baita oraindik ikasten jarraitzen dudana. Mila esker!
Elkarrekin, handitzen.
Eskaintzen diren zerbitzuak
Adimen gaitasun handiko ikasle, familia eta helduei laguntza ematen zaie, bai eta hezkuntzako profesionalei ere. Era berean, gaitasun handiak ez dituzten pertsonekin ere lan egiten da.
Xehetasun gehiago aurkituko dituzu «Zerbitzuak» eta «Agenda» ataletan.
Lantzen diren gaiak
Norberaren ongizatean eragina duten askotariko gaiak lantzen dira; besteak beste, autoestimua, harremanak, motibazioa, jarrera eta egunerokotasuneko zailtasunak (ikasketetan, lanean, elkarbizitzan…). Nahasmendu mentalak, ordea, ez dira jorratzen.
Lan egiteko era
Kasu bakoitza ezberdina denez, lan egiteko modua ere egokitu egiten da. Psikologia sistemikoa eta psikohezkuntza ardatz hartuta, egoera bakoitza bere testuinguruan ulertuz lantzen da.
Ohiko galderak
Gaitasun handien balorazioak egiten al dituzu?
Ez, ez naiz psikologo sanitario edo klinikoa, eta ez dut baloraziorik egiten.
Helduekin ere lan egiten al duzu?
Bai, helduekin ere lan egiten dut.
Nola lan egiten da haurren kasuan?
Haurrak txikiak direnean, lanketa gehienak gurasoen bitartez egin ohi dira. Hasteko, gurasoekin saio bat egiten da eta, egoera ezagutu ondoren, elkarrekin erabakitzen da nola jarraitu. Batzuetan gurasoekin bakarrik egiten da lan, eta beste batzuetan haurrarekin eta gurasoekin; kasuaren araberakoa izaten da.
Zenbat irauten du saio bakoitzak eta zenbat kostatzen da?
Saio bakoitza ordubetekoa izaten da eta 70 euro balio du. Hala ere, batzuetan ordu eta erdiko edo bi orduko saioa egiteko aukera ere izaten da. Kasu horietan, proportzionalki kobratzen da.
Zein maiztasunekin izaten dira saioak?
Elkarrekin adosten da, baina gehienetan astero, bi astean behin edo hilero izan ohi dira, kasuaren arabera. Ez dago maiztasun finko bat.
Posible da beharra somatzen denean saio puntualak egitea ere (bakarra edo behar direnak).
Gaitasun handikoak ez diren pertsonekin ere lan egiten al duzu?
Bai, ez dago gaitasun handikoa izan beharrik.
Beste edozein zalantza izanez gero, galdetu lasai.